3.3.1. Nafarroako Foru Komunitatea
15/2006 Foru Legearen aldaketa nabarmenetako bat, zalantzarik gabe, lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuen egituraketa berria izan zen. Lege hori lehen mailako zerbitzuek gizarte- zerbitzuetan duten eginkizunari buruzko aldez aurreko eztabaida eta hausnarketa-lan sakon baten emaitza izan zen. Eztabaida horren ondorioz, lehen mailako arreta berrantolatzea erabaki zen. Berrantolaketa horrek harreran oinarritutako lehen mailako arretaren eta horren ostean gizarte-zerbitzu espezializatuetara egiten den desbideratzearen arteko bereizketa tradizionala apurtzea du helburu; halaber, lehen mailako arreta espezializatuagoa eskaintzen duen eredu baten aldeko apustua egiten du, alderdi batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoan geroago ezarri zenaren antzekoa dena.
15/2006 Foru Legeak, funtsean, eztabaida-fasean egindako proposamenak jasotzen ditu, eta oinarrizko maila batean oinarritutako arreta-eredu bat eta gizarte-zerbitzu espezializatuetan oinarritutako beste bigarren maila bat definitzen ditu. Programen egitura hori oinarrizko gizarte-zerbitzuek, gizarte-zerbitzuen zentroek eta gizarte-zerbitzu espezializatuek osatutako lurralde-antolamendu batean finkatuko litzateke. Ondoren gutxi garatu den arren, bereziki interesgarria da, aurrerago adierazi den bezala, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta zerbitzu espezializatuen eta eskualdeko gizarte-zerbitzuen zentroen artean erakunde baten eraketa. Izan ere, azken biak lehenengoa babesteko diseinatuta daude, koordinazioari eta kasu jakin batzuen jarraipenari dagokionez.
Eskema horretan, oinarrizko gizarte-zerbitzuak gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitate gisa konfiguratzen dira, herritarrengandik hurbilen dagoen maila eta sarbidea baitira. Tokiko erakundeen titulartasunekoak dira, nahiz eta, geroago azalduko den bezala, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea izango duten, finantzaketari dagokionez. Lurralde-antolamendua zonifikazio jakin bat oinarri hartuta zehaztuko da, gizarte-zerbitzuen oinarrizko zonen eta eremuen bidez artikulatua. Legearen 30. artikuluaren arabera, hona hemen zerbitzu horiek izango dituzten eginkizunak:
a)Dagokien lurralde-eremuan premia-egoerak antzeman, aztertu eta diagnostikatzea, dagokien zerbitzuei horren berri emanez eta erantzunak proposatuz.
b)Gizarte-zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonei arreta ematea, hasierako erantzun bat eskaintze aldera.
c)Gizarte-zerbitzuen sistemaren eta gizarte-babeserako gainerako sistemen prestazioetarako sarbidea erraztea herritarrei.
d)Gizarte-premiazko egoeren gizarte- zein gizarte-hezkuntza diagnostikoa egin eta baloratzea, erabiltzailearena, bere familiarena edo inguru sozialarena edo gizarte-beharraren arreta publikoaren sareko beste zerbitzuena.
e)Gizarte-premia egoeran dauden pertsonei gizarte-laguntza era babes jarraitua eskaintzea.
f)Gizarte-sustapeneko eta prebentziozko jarduketak egitea.
g)Programak eta programetan barne hartutako prestazioak egikaritzea.
h)Gizarte-larrialdietarako prestazioak kudeatzea.
i)Gizarte-sentsibilizaziorako jarduketak burutzea.
j)Boluntariotza eta elkarren laguntza sustatzea.
k)Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroari esleitutako prestazioak kudeatzea.
Funtzio horiek garatzeko, Nafarroa osoan derrigorrez garatu beharreko lau programa identifikatu dira lehen mailako arreta honetan:
a)Harrera eta orientabide sozialerako programa, biztanle guztiei zuzenduta dagoena eta gizarte-zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsona guztiei gizarte esku-hartzea eskainiko diena.
b)Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasunezko Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko Programa, helburu nagusia mendekotasun-egoeran dauden pertsonei beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora luzeena egotea ahalbidetzea da, eta etxez etxeko laguntza ematea barne hartzen du.
c)Lehen Mailako Arretan Gizarteratzeko Programa, edozein eremutan gizarte bazterkeria-arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratzea mesedetzeko helburua duena.
d)Lehen Mailako Arretan hau eta Familiako Arretako Programa, adingabeei beren garapen pertsonala ahalbideratzen duen ingurune bat bermatzea helburu duena, babes mekanismoen bidez eta norberaren, familiaren eta gizartearen laguntza mekanismoen bidez.
Lau programa horiei lotuta, legeak programa horiei prestazio teknikoak, ekonomikoak eta materialak eman beharra ezartzen du; hori dela eta, bi urte geroago, Gizarte-zerbitzu Orokorren Zorroa definitzen duen 69/2008 Foru Dekretua onetsi zen. Zorro horrek gutxieneko intentsitate-maila ezartzen du eremu orokorrean, eta, gainera, tokiko erakundeek lurraldean beste prestazio osagarri batzuk garatu ahal izateko aukera xedatu zuen, gizarte-zerbitzuen zorroak onetsitakoak eta definitutakoak. Edonola ere, 15/2006 Foru Legeak 31. artikuluan derrigorrez bermatu behar ziren gutxieneko prestazio batzuk definitu zituen:
-Harrera eta orientabide sozialerako programan gizarte-zerbitzuko sistemako prestazio teknikoak eta ekonomikoak eta gizarte-babeserako beste sistema batzuetako prestazioak eskuratzeko izapidea.
-Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasunezko Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko Programan: etxez etxeko udal-laguntza.
-Lehen Mailako Arretan Gizarteratzeko Programan: gizarte-laguntza tokian tokiko gizarteratzea egiteko, gizarteratze-erabakien bidez, alderdien arteko konpromisoaren tresna gisa.
-Lehen Mailako Arretan hau eta Familiako Arretako Programan: babesik gabeko arrisku egoera arin eta moderatuak prebenitzeko eta arreta eskaintzeko eskumenak tokiko entitateei egozten dizkien, haurrei eta gazteei buruzko foru legeriak.
Horrez gain, lau programek honako hauek barne hartuko dituzte:
-harrera egiteko, orientatzeko, aholkatzeko, baloratzeko eta gizarte- zein gizarte-hezkuntza diagnostikoa;
-gizarteratzeko errenta;
-gizarte-larrialdietarako prestazioak;
-mendekotasunaren arretarako gutxieneko prestazioak;
-babesik gabe edo gizarte-gatazka bateko egoeran dauden haurrei arreta eskaintzeko prestazio teknikoak (antzematea, hartzea, aztertzea, baloratzea, diagnostikoa egitea, esku-hartze plana);
-etxerik gabeko pertsonei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei edo babesik ez duten gazteei aldi baterako ostatua emateko baliabideak;
-mendekotasun egoeran dauden, familia-gatazka bat duten edo familiaren laguntzarik ez duten pertsonek egoitzetan aldi baterako edo betiko plazak izatea.
Oinarrizko gizarte-zerbitzuen egitura, lehen esan bezala, gizarte-zerbitzuetako zentroekin osatzen da, oinarrizko gizarte-zerbitzuei laguntzeko egitura gisa eratzen direnak. Tokiko erakundeek zentro batzuk sustatzeko aukera aztertzen bada ere, legeak foru administrazioari egozten dio gizarte-zerbitzuen eremu bakoitzeko, gutxienez, zentro bat garatzea (ikusi hurrengo puntua). Hauexek dira dituen funtzioak (21. artikulua):
-Oinarrizko gizarte-zerbitzuei sostengua ematea haien eginkizunak osatzeko eta gizarte-zerbitzu espezializatuekin koordinatzeko. Horrela, maila espezializatuaren eta lehen mailako arretaren arteko tarteko maila eratuko da.
-Oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan aritzea eta aholku ematea, eta baliabideak birbanatzen laguntzea.
-Irizpide homogeneoak ezartzea eremu osorako, zona guztietan berdintasuna bermatzeko.
-Oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan aritzea eta aholku ematea, eta baliabideak birbanatzen laguntzea.
-Zeharkako jarduketako programak sustatzea baliabideak aprobetxatze aldera.
Amaitzeko, gizarte-zerbitzu espezializatuei egozten zaie atentzio zehatza behar duten premien edo kolektiboei erantzuteko diseinatutako sektoreko prestazio eta esku hartzea betetzeko ardura, bai zentro espezifikoen bitartez, bai zuzeneko esku hartze taldeen bitartez, oinarrizko gizarte-zerbitzuei laguntzeko jarduten dutenak. Zentzu horretan, honako hauek sortu dira: Gizarteratze eta Lan-munduratze Taldeak, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Taldeak, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntza Osoa emateko Taldeak edo Etxebizitzan Gizarteratzeko Taldea. Zentro horiek garatzeko ardura erkidegoko administrazioari badagokio ere, aurreikusi da tokiko erakundeak izatea garatzeaz arduratuko direnak.
Edonola ere, nabarmendu beharra dago, foru administrazioak egitura hori bermatzeko konpromisoa erakutsi arren, praktikoki maila guztiak ez direla legeak ezarritako eginkizunen arabera garatu. Legearen xedapenen eta errealitatearen arteko aldea bereziki nabarmena da gizarte-zerbitzuen zentroei dagokienez; izan ere, praktikan espazio fisiko huts modura eratu dira, non zorroan bermatutako talde espezializatuak kokatzen diren. Gainera, toki horietan eremu bakoitzeko gizarte-zerbitzuen lehen mailako arretari laguntza ematen zaio. Gaur egun, Nafarroan gizarte-zerbitzuen bi zentro daude bakarrik, nahiz eta beste eremu batzuetan talde espezializatu batzuen laguntza ere izan. Hasiera batean, zentro horiek titulartasun eta kudeaketa publikokoak izatea aurreikusi zen; hala ere, zerbitzuak eratu zirenetik, entitate pribatuek kudeatu dituzte, eta Nafarroako Gobernua arduratu da horiek kudeatzeaz. Amaitzeko, zentroetako kudeaketa enpresa adjudikaziodunaren ardura izatera pasa zen. Nafarroako Gobernuak zerbitzu horiek kontratu izanari esker, talde espezializatuak garatu dira eremuetan; hala eta guztiz ere, funtzioak legeaz ezarritakoetatik urrun daude eta zeharkako kudeaketak arrisku bat dakar, hau da, taldeek esku-hartze logika ezberdinen arabera funtzionatzeko arriskua.
3.3.2. Katalunia
Urriaren 11ko 142/2010 Dekretua, 2010-2011ko zerbitzu sozialen zorroa onesten duena, orain arte bi urtero luzatu izan da, eta hasieran 12/2007 Legean jasotako oinarrizko zerbitzu sozialen prestazioak zabaltzen ditu. Lehen mailako arretako prestazioen zerrenda honako hau da:
-lehen mailako arreta-zerbitzua: informazio-egintzak, orientazioa, esku-hartze soziala eta oinarrizko talde profesionalek egindako prestazioetara sarbidea (aurrerago ikusiko dugu osaera);
-etxez etxeko arreta-zerbitzuak: etxez etxeko laguntza nahiz laguntzeko eta zaintzeko teknologien zerbitzuak (telelaguntza) hartzen ditu barne;
-egonaldi mugatuko egoitza-zerbitzuak: larrialdi- egoeretarako eta gizarte-bazterkeria jasaten duten helduentzako;
-gizarte-jantokiaren zerbitzua;
-arreta sozialaren aholkularitza teknikoaren zerbitzua: juridikoa, psikologikoa, etab.;
-haurrentzako eta nerabeentzako egoitza-zerbitzua ez den gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea: zentro irekiak;
-larrialdi sozialetarako prestazio ekonomikoak.
Gaur egun, zerbitzu-zorroak %100eko ezarpena dauka, lehen mailako arreta-zerbitzuari, etxez etxeko arreta-zerbitzuei eta larrialdi sozialetarako prestazio ekonomikoei dagozkienez. Gizarte-jantokiaren zerbitzuaren edo egonaldi mugatuko egoitza-zerbitzuaren ezarpena desberdina da; izan ere, tamaina handiko udalerrietan orokortzen dira, baina tamaina txikikoetan prestazio ekonomikoengatik edo bestelako konponbideengatik ordeztu ohi dira. Udal txikien aurrekontuen gaitasunak ezin die kostu ekonomiko handiko talde profesionalak eta establezimenduak behar dituzten zerbitzuei ekin.
Haurrentzako eta nerabeentzako egoitza-zerbitzua ez den gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea aparteko kasua da; prestazioaren hedadura-ratioak biztanleriaren arabera definitzen dira, lurraldearen arabera haurtzaroan dauden arrisku-maila desberdinak aintzat hartu barik, ezta biztanle gutxiko edo banaketa geografiko altuko eskualdeek dituzten kudeaketako zailtasunak ere. Horrenbestez, zerbitzu horrek ekipamenduen eboluzio bat jarri du abian, eskola-ordutegia amaitutakoan profesional gehien dituzten eta ohiko bitartekoan esku hartzen duten zerbitzuei egunero eskaintzen zaiena.
12/2007 Legearen beste alderdien garapen-lerroan, esan beharra dago aurrerapausotzat hartutako zerbitzu-zorroa ezarpen urrian geratu dela. Herritarrek dituzten bermatutako prestazioen eskubideak ez dira guztiz eraginkorrak izan hainbat prestazioetan, eta horien sarbidea zein intentsitatea mugatua izan da, batez ere aurrekontuen erabilgarritasun falta dela eta. Gaineratu beharra dago, zorroa bera txikizkari eta burokratizatua den katalogo korapilatsu eta amaiezina bilakatu dela.
3.3.3. Galizia
Jada aipatu den bezala, Galiziako gizarte zerbitzuen sistema sare gisara egituratuta dago, bi jarduketa-mailaren arabera: udalen eskumeneko lehenengo maila bat, gizarte zerbitzu komunitarioek osatua, non bi modalitate sartzen baitira –zerbitzu komunitario oinarrizkoak eta zerbitzu komunitario berariazkoak–, eta bigarren maila bat, gizarte zerbitzu espezializatuena, zeinak autonomia erkidegoaren eskumenekoak baitira. Aipatu da, halaber, toki administrazioentzat zerbitzu komunitario oinarrizkoen prestazioa nahitaezkoa den bitartean, zerbitzu komunitario berariazkoena, berriz, aukerakoa dela.
Tokiko gizarte zerbitzuen artikulazioari eta eginkizunei dagokienez, gizarte zerbitzu komunitarioek nagusiki tokiko izaera dute, lurralde eta populazio jakin bati dagozkio eta Galiziako gizarte zerbitzuen esku-hartzerako sarbide normalizatua eta lehengo mailakoa dira. Haien titularitatea, horrenbestez, aipatu den bezala, udalei esleitzen zaie, nahiz eta, tokiko autonomiaz baliatuta, erabaki dezaketen haiek udal-elkarteen edo mankomunitateen bitartez kudeatzea.
Gizarte zerbitzu komunitarioen barruan, oinarrizkotzat jotzen direnek tokiko izaera zalantzagabea daukate, irekia eta balio anitzekoa, eta gizarte zerbitzuen sistemara sartzeko bide arrunta dira. Bermatuta dago unibertsalak izatea eta hurbil egotea erabiltzaileengandik eta familia- zein gizarte-inguruneetatik. Udalen gizarte zerbitzuetarako zentroen bitartez ematen dira, diziplina anitzeko lantaldeekin, zerbitzuaren titularra den Administrazioak ezartzen duen antolamendu-egituraraz baliatuta. Honako hauek dira oinarrizko gizarte zerbitzu komunitarioen eginkizunak:
-Komunitatea aztertu eta haren diagnostiko soziala egitea; horrek beharrizanak eta eskakizunak detektatu eta analizatu behar izatea dakar.
-Detektatutako beharrizanekin bat datorren esku-hartze komunitarioko plan bat egitea.
-Biztanleria-talde ahulak identifikatzea eta arrisku-egoerak goiz detektatzea.
-Banakako egoerei arreta ematea, aurkeztutako eskakizunei buruzko informazioa, diagnostikoa eta aldez aurretiko balorazio teknikoa eta horren ondoriozko esku-hartzea eta, kasua bada, baliabide egoki batera deribatzea.
-Prestazio ekonomikoen kudeaketan parte hartzea eta esku-hartzeari buruzko kasuko proiektu pertsonalizatuen jarraipena egitea.
-Etxeko laguntza-zerbitzuaren kudeaketa, eta autonomia pertsonala eta mendetasunaren arreta bermatzera bideratutako prestazioen kudeaketan parte hartzea.
-Biztanle guztiei informazioa, orientazioa eta aholkua ematea, baliabide sozialetarako sarbidea emanez.
-Herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea, elkartasuna eta lankidetza sozial antolatua bultzatuko dituzten estrategia sozial eta hezkuntzakoen bitartez.
Bereziki, oinarrizko gizarte zerbitzu komunitarioek aipatutako eginkizunak modu egituratuan garatuko dituzte, honako programa eta zerbitzu hauen bitartez:
a)Gizartearen arloko balorazio-, orientazio- eta informazio-programa pertsonentzat, taldeentzat edo komunitatearentzat; programa hori zeina Galiziako gizarte zerbitzu komunitarioen titular diren tokiko entitate guztietan garatuko da.
b)Etxez etxeko laguntza zerbitzua (EELZ deitutakoa), zeinaren helburua baita pertsonei edo familiei beren etxebizitzan laguntza-multzo bat ematea, ikuspegi integral eta normalizatzaile batekin, garapen pertsonala errazteko eta beren ohiko ingurunean geratu ahal daitezen, bereziki autonomia oso mugatua daukatenen egoeretan edo baliabidea egoki deneko arrisku sozialeko beste egoera batzuetan.
c)Familiarako hezkuntza- eta laguntza-zerbitzua, zeinak familiei zuzendutako hezkuntza-babeserako eta babes psiko-sozialerako proiektu eta zerbitzuak biltzen baititu, zertarako-eta zailtasun egoerak prebenitzeko eta gainditzeko, bereziki haurren tratu txarretako egoeretan edo beste edozein babesgabetasun motatan, bai eta aldaketa prozesuak sustatzeko ere, familia-erantzukizunen gauzatze egokia eta familien eta bizikidetasun-unitateen autonomiaren, integrazioaren eta parte-hartze soziala errazteari begira.
d)Gizarteratzerako oinarrizko programa, zeinak bilatuko baitu gizarte bazterketan edo horretarako arriskuan dauden pertsonei erantzuna ematea edo baliabide egokira deribatzea, horretarako aplikatuz, bai esku-hartze sozialeko proiektu pertsonalizatuak edo taldekoak, bai berariazko prestazio ekonomikoak ere.
e)Lankidetza eta elkartasun soziala sustatzeko programa, zeinak erraztuko baitu parte-hartze komunitarioa egon dadila zeregin kolektiboetan, eta elkartegintza solidarioa bultzatuko baitu —bereziki, boluntariotza sozialaren antolaketa eta koordinazioa—.
Galiziako ereduaren berezitasun bat —gutxienez ere Nafarroakoarekin eta Kataluniakoarekin alderatuta, baina ez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritakoarekin alderatuta— hauxe da: berariazko gizarte zerbitzu komunitarioak deitzen direnak egotea. Haien zeregina da arazo identifikatu eta bereziak dituzten biztanle-taldeei bideratutako programa eta zentroak garatzea, haien normalizazioa eta birgizarteratzea sustatuz, edo, bestela, zerbitzu espezializatu batera iragateko tarteko espazioa izatea. Horretarako, honako eginkizun hauek dauzkate esleituta berariazko gizarte zerbitzu komunitarioek:
a)Talde ahulen bazterketa prebenitzeko programak eta jarduerak garatzea.
b)Autonomia defizitak edo gizarte arriskua dituzten kolektiboei zuzeneko arreta ematea, ingurune irekiko programen bitartez, egoitza izaerakoak ez diren zentroetan edo aldi baterako egoitza-zentroetan.
c)Premia bereziak dituzten populazio sektoreetarako ekipamendu komunitarioen kudeaketa.
Antolaketari dagokionez, berariazko gizarte zerbitzu komunitarioek, lurralde-berdintasunaren eta errentagarritasun sozialaren irizpideei begiratuta, udalez gaindiko izaera eduki ahalko dute, gizarte zerbitzuen sistema galiziarraren plangintzaren eta antolaketaren arabera, eta haien prestazioa autonomia erkidegoak berak ere hartu ahalko du bere gain, zerbitzu horien izaera dela eta, udalez gaindikoak izateagatik edo behar bezala justifikatutako beste inguruabar batzuengatik sistemaren plangintzan horrela aurreikusten denean.
3.3.4. Gaztela eta Leon
Gizarte zerbitzuen katalogoak, abenduaren 11ko 58/2014 Dekretuaren bidez arautuak, hainbat zerbitzuren titularitatea edo tokiko administrazioari, edo administrazio autonomikoari, edo biei esleitzen dizkie. Honako hauek dira administrazio sozialari esklusiboki esleitzen zaizkion funtsezko prestazioak:
-Gizarteratzeari buruzko informazio espezializatuko zerbitzua.
-Haurren babeserako familia-laguntzako zerbitzua.
-Telelaguntza.
-Etxez etxeko laguntza.
-Larrialdi sozialeko egoeretan, biziraupeneko oinarrizko beharrizanetarako prestazio ekonomikoa.
Gainera, katalogoak oinarrizko laguntzari funtsezkoak ez diren prestazioen multzo zabala esleitzen dio, eta ezartzen du funtsezko prestazio batzuk udal titularitatekoak nahiz autonomia erkidegoaren titularitatekoak izan daitezkeela. Horien artean, honako hauek aipa ditzakegu:
-Gizarte zerbitzuetako sistemaren eskubide eta baliabideei buruzko informazio zerbitzua.
-Kasuetan balioespena egiteko, orientazioa emateko eta plangintza eta jarraipena egiteko zerbitzua.
-Mendetasun-egoerarako prebentzio zerbitzua.
-Bizi-proiektua egiteko laguntza-zerbitzua.
-Haurrei laguntza teknikoa emateko zerbitzuak, haiek babeste aldera.
-Ezgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroetako arreta zerbitzua.
-Mendetasun egoeran dauden adineko pertsonentzako eguneko zentroetako arreta zerbitzua.
-Indarkeriaren biktimei emergentzia zerbitzuetan, harrera-etxeetan eta etxebizitzetan arreta emateko zerbitzua.
-Egoitza-arretaren zerbitzua edo etxebizitzakoa desgaitasuna duten pertsonentzat.
-Egoitza-arretako zerbitzua, zainketa sozial eta sanitarioekin, susperraldiko egoeran dauden pertsonentzat.
-Egoitza-arretako zerbitzua mendetasun egoeran dauden adineko pertsonentzat.
Antolaketa funtzionalari dagokionez, gero aipatzen denez, sistemak bi maila dauzka:
-Lehenengoa oinarrizko gizarte ekintzako lantaldeei dagokie; lantalde horiek beren jarduera gizarte ekintzako zentroen bitartez garatuko dute (gizarte ekintzako zerbitzu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen parekoak dira), eta gizarte ekintzako barruti deitutakoen lurralde-oinarriarekin.
-Bigarren maila diziplina anitzeko lantaldeek osatzen dute; lantalde horiek gizarte ekintzako eremu bakoitzean ezarrita daude.
Bi lantalde horien titularitatea eta kudeaketa gizarte zerbitzuen arloan eskudunak diren tokiko entitateei egokituko zaizkie.
3.3.5. Gaztela-Mantxa
Gaztela-Mantxako oinarrizko laguntzarako gizarte zerbitzuen lurralde-antolaketa aztertzerakoan aipatzen den bezala, bi motatako gizarte zerbitzuetako eskualdeak daude: PRAS eskualdeak (gizarte ekintzako erregio plana), 5.000 biztanletik beherako udalek osatuak, eta plan itunduko eskualdeak, zeinak, batetik, biztanle gehiagoko udalak baitira eta, bestetik, kudeaketa-gaitasun handiagoko udalak baitauzkate. Plan itunduko eskualdeetan, Udalak baliabide gehiago jartzen ditu PRAS eremuetan baino; horrek berarekin dakar profesional gehiago edukitzea eta esku-hartze teknikorako gaitasun handiagoa edukitzea. Zerbitzu horren eginkizunak eta edukiak eskualde motaren araberakoak dira:
-PRAS eskualdeak. 5.000 biztanletik beherako udal guztiak gisa horretako eskualdeetan daude, bai eta 20.000 biztanletik beherako udal gehienak ere. PRAS eskualde bakoitzean gutxienez ere gizarte-laneko profesional bat dago, Gaztela-Mantxako Juntak kontratatua (batzuetan bi ere egon daitezke), eta batzuetan (ez gehienetan) gizarte hezitzaileak badaude eta administrari laguntzaile bat ere badaude. Gizarte langileak Juntako langile funtzionarioak dira; hezitzaileak eta administrazioko langileak, berriz, Juntako langile ez-funtzionarioak dira, Juntaren eta Udalaren nahiz Mankomunitatearen arteko hitzarmen baten bidez finantzatzen direnak. 2012ra arte, PRAS batzuetan, udal batzuek udaleko gizarte zerbitzuak indartu zituzten hezitzaileak edo gizarte langile bat edo beste gehiago kontratatuz, Udalaren diruarekin. Hala eta guztiz ere, udalek pairatu dituzten aurrekontu-murrizketak direla eta, udalek zuzenean kontratatutako profesional horiek ia desagertu egin dira eskualde horietan.
-Plan itunduko eskualdeak. 20.000 biztanletik gorako udalei dagozkie, bai eta populazio txikiagoa duten beste batzuei ere. Eremu horien tamaina handiagoa dela-eta eta Udalak gizarte zerbitzuak kudeatzeko gaitasun eta konpromiso handiagoak dituenez, langileen zuzkidura handiagoa da hemen PRAS eskualdeetan baino. Hartara, esate baterako, plan itunduko eskualde guztietan hezitzaileak dauzkate (PRAS eremuetan, berriz, ez da gauza bera gertatzen), eta, oro har, langile profesional espezializatu gehiago dauzkate (psikologoak, esate baterako, batzuetan), bai eta kudeaketarako langile gehiago ere.
Etxez etxeko laguntza-zerbitzua dela eta, hitzarmen berezi bat dago autonomia erkidegoko gobernuaren eta udal bakoitzaren artean; hori dela eta, zerbitzu horretako langileek tokiko administrazioan kontsiderazio desberdina daukate eta harekiko lotura ere desberdina dute. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketa-moduan salbuespen bat badago, Albacete probintziarena, zeren eta bertan gizarte zerbitzuen partzuergo probintzial bat bai baitago, eta haren indarrez diputazio probintziala da bertan landa eskualdeetako etxez etxeko laguntza zerbitzuetako laguntzaile guztiak gainbegiratzen eta kontratatzen dituena; hori dela eta, probintzia horretan zerbitzu hori kalitate handiagokoa da eta gainerako probintzietan baino kontrolatuago dago, horietan zerbitzuak udal bakoitzaren menpe baitaude.
Lurralde antolaketa eta langileen zuzkidurarako sistema hori direla eta, gaur egun esan daiteke autonomia erkidego guztietan benetan bermatuta dauden lau zerbitzu edo gutxieneko prestazio daudela:
-Informazioa eta orientazioa.
-Azterketa, balioespena eta lagun egitea.
-Etxez etxeko laguntza.
-Telelaguntza.
-Familiarekiko edo bizikidetasun-unitatearekiko arreta, lehen “familia heziketa” esaten zitzaiona (prestazio tekniko hori bermatuta dago soilik hezitzaileak dauden tokietan, eta ez dira gehienak).
Aipa daiteke, gainera, ezen, 2012ra arte, oinarrizko osasun laguntzako prestazioak —gizarte bazterketako egoeretarako laguntza integralarekin eta parte-hartze komunitarioa sustatzekoarekin lotutakoak— Gaztela-Mantxako Juntak berak udalei ematen zizkien diru-laguntzen bitartez gauzatzen zirela, kasuan kasuko ekintza proiektua aldez aurretik aurkeztuta. Udalek, oro har, elkarteak, hirugarren sektoreko entitateak edo enpresak azpi-kontratatzen zituzten proiektu horiek egiteko, behin kasuko udalari haiek aurrera eramateko diru-laguntza erregionala eman ondoren. Jarduketa eta prestazio “bermatu” horiek ia desagertu egin dira, azken legegintzaldi honetan horretarako aurrekontu-partidak kendu edo arras gutxitu direlako.